Ekaina amaieran bukatu genituen urrian martxan jarritako gorputza lantzeko taldearen saioak. Saio hauen helburua terapia egiten ari ziren pertsonei gorputzetik lan terapeutiko bat egiteko aukera ematea izan da.

Hilabetean bitan bildu gara eta norberaren gorputzaren kontzientzia hartzeko aukera izan dugu, baita erlaxatzeko eta antsietatea gutxiagotzeko aukera ere. Azken hau taldearen behar nagusietakoa izan da, eta hori dela eta horretan zentratu gara. Horretarako, adibidez, Jacobsonen erlaxazio gidatu batzuk ikasi eta praktikatu ditugu. Erlaxazio hauetan muskulu talde bakoitzaren tentsio eta erlaxazioaren arteko kontrasteaz jabetzean norbera erlaxatzen joaten da eta tentsio eta erlaxazioaren kontzientzia handiagoa hartzen du. Baita norberaren gorputza eta norbera nola dagoen nabaritzeko gaitasuna ere hobetzen da.

Arnasketa ere landu dugu. Egin ditugun ariketa guztietan, bai etzanda, bai eserita, bai mugimenduan arnasa hautemateko eta atentzioa arnasketan mantentzeko gaitasuna garatu dugu.

Norbera norbere sostengu izatea ahalbidetzeko, (hau da, norberaren oinen gainean sostengatzeko) eta sustraitzeko gaitasuna ahalbidetzeko, (hau da, oinak lurrari itsatsita izatea, ahal den errealista, kontziente eta presenteen), bioenergetikako hainbat ariketa eta jarrera landu ditugu, baita mugimenduan egindako meditazioak ere. Guzti hauek parte hartzaileei lagundu die beraien buruarenganako kontzientzia handiagotzeko; eta sostengatzeko, mugitzeko eta munduan egoteko duten modu partikularraz jabetzeko ere. Gorputzean dituzten tentsioez jabetu eta pixka bat lasaitzeko aukera ere eman die.

Kontaktua, erlaxazioa eta gorputz kontzientzia ahalbidetzeko bikoteetan masaje txikiak ere egin ditugu. Orokorrean atsegina izan da esperientzia.

Taldea nahiz eta txikia izan segurua eta konfiantzazkoa izan da; partekatu, miatu eta norbere gauzetan ikertzeko aukera eman du.

Mila esker parte hartu duzuen guztioi, plazera izan da.

Ainara Campos Sierra

2019ko uztailaren 16an