Gestalt Terapia teknika multzo bat baino gehiago da, bizitzeko jarrera bat. Terapia humanisten baitan egonik, guztiok garatzeko dugun gaitasunean oinarritzen da; beraz, dugun potentzialari bide ematea da duen helburuetariko bat.
Prozesu terapeutiko bat egiteak zeure bizitzaren gidaritza hartzen lagunduko dizu. Horretarako, zeure emozio pentsamendu eta gorputz jarrerei orainean arreta jartzen ikasiko duzu, eta horrela gertatzen zaizuna ikuspegi irekiago eta osatuagoarekin ulertuko duzu. Esperientzia-irekitze horretan, ordu arte ikusi gabeko alderdiez konturatuko zara, eta horrek berak gertaera horien aurrean beste toki batean jarriko zaitu. Gainera, lan terapeutikoak itota dituzun emozioak askatu eta amaitu gabeko arazoei irteera ematen lagunduko dizu.
Aldaketaren paradoxak dioen bezala, aldaketa ez da ematen gustuko ez duzun hori aldatzen saiatzen zarelako behin eta berriz; alderantziz, horrek berak sufrimentu gehiago ekarriko baitizu. Aldatzeko modu bakarra da gustuko ez dituzun zeure alderdiez jabetzea. Hau da, gehienetan ezkutuan dituzun zeure izateko modu horiei arreta jartzea da aldaketa ematea posible egingo duena, beti ere, zeure izatearekin bat egingo duen aldaketa izanik. Hortaz, Gestalt terapiaren gakoetariko bat orain eta hemen lan egitea da.