Gestalt Terapia teknika multzo bat baino gehiago da, bizitzeko jarrera bat. Terapia humanisten baitan egonik, guztiok garatzeko dugun gaitasunean oinarritzen da; beraz, dugun potentzialari bide ematea da duen helburuetariko bat.

 

Prozesu terapeutiko bat egiteak zeure bizitzaren gidaritza hartzen lagunduko dizu. Horretarako, zeure emozio pentsamendu eta gorputz jarrerei orainean arreta jartzen ikasiko duzu, eta horrela gertatzen zaizuna ikuspegi irekiago eta osatuagoarekin ulertuko duzu. Esperientzia-irekitze horretan, ordu arte ikusi gabeko alderdiez konturatuko zara, eta horrek berak gertaera horien aurrean beste toki batean jarriko zaitu. Gainera, lan terapeutikoak itota dituzun emozioak askatu eta amaitu gabeko arazoei irteera  ematen lagunduko dizu.

 

Aldaketaren paradoxak dioen bezala, aldaketa ez da ematen gustuko ez duzun hori aldatzen saiatzen zarelako behin eta berriz; alderantziz, horrek berak sufrimentu gehiago ekarriko baitizu. Aldatzeko modu bakarra da gustuko ez dituzun zeure alderdiez jabetzea. Hau da, gehienetan ezkutuan dituzun zeure izateko modu horiei arreta jartzea da aldaketa ematea posible egingo duena, beti ere, zeure izatearekin bat egingo duen aldaketa izanik. Hortaz, Gestalt terapiaren gakoetariko bat orain eta hemen lan egitea da.

 

Esaera gestaltikoa

 

Ni Neu naiz

Zu Zeu zara.

Ni ez nago mundu honetan

zure nahiak asetzeko.

Zu ez zaude mundu honetan

nireak asetzeko.

Zu Zeu zara

Ni Neu naiz.

Zoragarria izango da

momenturen batean edo

tokiren batean topo egiten badugu.

Bestela, ez dugu ezer egiterik.

Neure burua maitatzeari uzten diot

zeure nahiak asetu nahian neure burua traizionatzen dudan bakoitzeko.

Zu maitatzeari uzten diot,

zaren moduan onartu beharrean,

nik nahi dudan bezala izan zaitezen ahalegintzen naizenean.

.Zu Zeu zara eta Ni Neu naiz.

Fritz Perls